XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DATU GEOGRAFIKOAK

I.1.- Galdeketa egiten den herriaren edo herriskaren izena.

Herriak BEASAIN du izena.

Gaur egun herriak hirigune garrantzitsu bat du, han-hemen berreiaturiko baserriak eta Arriaran, Astigarreta, Garin, Gudugarreta eta Matxinbenta izeneko bost auzo nagusi; auzo hauetako hiru duela gutxi arte herri askeak ziren eta, hainbat arrazoi zirela medio, gerora Beasaini elkartu zitzaizkion.

Ez dakigu Beasainen lehen sorreraren berri.

Bakar-bakarrik dakigu XIII. mendean, parrokia edo kolazio tituluarekin, Beasain bazela.

XIV. mendeaz geroztik eta, gainerako gipuzkoarrek baino eskubide gehiago zituztelakoan, kasta pribilejiatuak zirela uste zuten Ahaide Nagusi edo Handikien boterea suntsitzeko probintziako Batzar Nagusiek hartzen zituzten erabakiak zirela medio, han agertzen da Beasain bailarako beste herri batzuekin baturik eta elkarturik, probintziako Batzarretan herri horien guztien ordezkaritza izateko.

1615. urtean, otsailaren 4ko Errege Zedularen bidez, Villa de por sí (Hiribildua berez) tituluaren saria lortu zuen, mero mixto imperio eskumen zibil eta kriminalarekin, saria eskuratzeko Errege Ogasunari herriak garai hartan zituen 126 biztanle eta erdiei zegokien 3.162,50 dukatak ordaindu ostean.

Auzo Nagusiak

Arriaran. 1927ra arte udalerria osatu zuen Itsasorekin eta alkatetza txandakatu egiten zuten; urte hartan, ordea, Beasaini elkartu zitzaion.

Eliza, erdi eraitsitako eskola, hilerria eta pilotaleku estalia ditu.

1994an, eskualderako ura biltzen duen urtegia eraiki zen bertan.

Astigarreta. 1929an elkartu zitzaion Beasaini.

Eliza, hilerria, eskola eta ostatua ditu, baina eskola eta ostatua jadanik ez dira erabiltzen.

San Gregorio Handiari eskainitako ermita bat ere badu.